top of page

Acerca de

_DSC9924txiki.jpg

Myriam Pérez Cazabon

Dantzan nere lehen urratsak Irun eta Donostia artean ematen ditut. Dantza garaikideko goi- mailako ikasketak Rotterdameko CODARTS arte eskolan burutzen ditut. 2004tik nabil dantza arloan, sortzaile, dantzari eta irakasle moduan. Hainbat urtez lan koreografikoak garatzen egon ostean, nire ekoizpenak NERI(H)ARI izenpean egokitzea erabakitzen dut, non proiektu anitzak eta disziplinartekoak batzen ditudan, musika, zinea, antzerkia eta argazkigintza bezalako beste arteekin hartu-emanean. Nire lana dantza garaikide biluzia bezala definitzen dut, hau da, gardena, zehatza eta fina. Eta disziplinartekoa, bere transmisiorako eta komunikaziorako balioa indartuz. Hemen ulertzen ditut dantza emozioen isla bezala, isiltasuna komunikazio bide bezala eta gelditasuna mugimendu modu bezala, batez ere presentziaren eta begiradaren garrantzia nabarmenduz.


Norbere hizkuntza koreografikoan sakontzeko beharrak bultzaturik, 2016 urtean ematen diot hasiera konpainia modura nire ibilbide pertsonalari, ibilbide honetan NERE AZALEAN ARROTZ (2017), MUTU (2018), ICEBERG (2019), HIRU(3) (2021) eta NUNAVUT (2022) piezak estreinatuz.


Sortzaile lanak, baina, lehenago hasten ditut, 2004 urtean, Nerea Urbieta eta Marta Ortegarekin sortutako NOSOTRAS Y LA PIEZA lanarekin. Ondoren etorriko dira MAIMY kolektiboaren “TENTATIVA DE AGOTAR UN LUGAR PARISINO” (2006) eta “EJERCICIONÚMERO2” (2007) piezak, Victor Iriarte zinegilearekin eta Maite Arroitajauregi musikariarekin elkarlanean sortuak. Eta “PERMANENT VACATION. VERSIÓN” (2007), Larraitz Torres disziplina anitzetako artistarekin elkarlanean. Geroztik, arte ezberdinekiko hartu-emanetarako interesa mantenduz, Idoia Hernandez-Hatxe, Nagore Legarreta, Aitziber Orkolaga eta Eva Villar-Rqer artistekin edota Ai Do Project, Node, Atalak-Dantzaz, Doos Colectivo, Hika Teatroa eta Chillida Leku Museoa konpainia/espazioekin elkarlanean aritu naiz, besteak beste. Egun, 40.BIDEGURUTZEA proiektuan nabil murgildurik. Dantzaren transmisioaren eta hezkuntzaren alderdia ere aktibo eutsiz, hainbat laborategi eskaintzen jarraitzen dut.

bottom of page